XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hona hemen Inglaterra, esan zuen bat-batean.

Oraindik iluna zen arren, Sophiek zelai berdez betetako lurralde batean zeudela ikusi zuen, hesiak han eta hemen.

Zuhaitz asko zituzten mendi-muino ugari zegoen eta errepideetan zehar autoen argiak ikus zitezkeen gora eta behera noiz edo noiz.

EOMa ziztu bizian mugitzen zen errepideen paretik ibili behar izaten zuen bakoitzean eta ezein motoristak ez zuen ezer ikusi ahal izan, beren buruen gainetik ihesi zihoan itzalen bat edo izan ezik.

Gauaren zeru hartan laranja koloreko argitasun bat azaldu zen bat-batean.

Heldu gara Londresa! esan zion EOMak.

Bere abiada eztitu eta batera eta bestera begiratzen hasi zen zuhurtasunez.

Etxeak ikus zitezkeen nonnahi baina leihoetan ez zen argirik, jendea jaikirik egoteko goizegi bait zen hor nonbait.

Eta baten batek ikusten bagaitu...? galdetu zion neskak.

Ez nau inork ikusiko erantzun zion EOMak, ziur.

Ez al dakizu, bada, orain dela urte asko eta asko nabilela ni eginbehar hauetan? Inortxok ere ez dit ez ilerik ez betilerik ikusiko!.

Ilerik ezezik oso-osorik ikusi ez zintudan ba nik!".

Bai, baina zu lehena eta azkena izango zara.

Sophiek belarrian kukubilkaturik segitzen zuen eta hurrengo ordu erdian gauzak hain arin eta hain isilkiro mugitzen hasi ziren ezen Sophie ez zen konturatu ere egin zer ari zen gertatzen.

Kaleetatik zihoazen, eta etxeak eta etxeak zeuden, eta dendak ere bai tarteka.

Jende gutxi zebilen han eta autoak argiak pizturik zihoazen.

Baina inortxo ere ez zen ohartu handik EOMa zebilenik.